Arabiera
Arabiera (arabieraz: العَرَبِيَّة edo عَرَبِيّ, al-ʻarabiyyah, ʻarabī) hizkuntza semita bat da, Arabiako ipar-mendebaldean Burdin Aroan sortu zena eta egun arabiar munduan lingua franca gisa erabiltzen dena.[1] Arabiar herriaren izena darama, hasiera batean Mesopotamiatik Antilibanora eta Sinai penintsulan bizi zen herria. Arabiera «makrohizkuntza» gisa sailkatzen da: 30 aldaeratik gora ditu, baita aldaera estandar bat, arabiera estandar modernoa,[2] arabiera klasikotik eratorria.
Arabiera estandar modernoa hizkuntza idatziari dagokio, eta eskoletan, unibertsitateetan eta lantoki askotan horixe irakasten da; halaber, gobernuek eta hedabideek darabilte. Bi aldaera formalak elkarrekin taldekatzen dira arabiera literario (fuṣḥ��) izenarekin, 26 estatutako hizkuntza ofiziala dena, Islamaren hizkuntza liturgikoa. Arabiera estandar modernoaren gramatika arabiera klasikoaren jarraipena da, eta haren lexikoa ia bera da. Hala ere, eguneroko hizkuntzan erabiltzen ez diren egitura gramatikal batzuk eta esanahi zehatzik ez duten hitzak alboratu ditu, eta ahozko mintzairaren aldaeretako joskera molde eta hitz batzuk ere hartu ditu. Hitz horietako gehienak Aro Modernotik aurrera sortu diren kontzeptuak izendatzeko erabiltzen dira.
Arabiera klasikoaren antzekoa denez, arabiera estandar modernoak milurteko bat egiten du atzera egunero hitz egiten den hizkuntzatik, dialekto eta aldaera asko baititu. Ikertzaileek diotenez, dialekto batzuetako hiztunek ez dute elkar ulertzen. Eguneroko hizkuntza kalean eta familian ikasten da, baina hizkuntza formala, eskolan. Hala ere, haur eskolako umeekin egindako ikerketek erakutsi dute hizkera formala ulertzeko gaitasuna dutela.[3] Arabiera estandar modernoaren eta dialektoen arteko aldea latinaren eta hizkuntza erromantzeen artean dagoenaren antzekoa dela esan ohi da.[4] Nolanahi ere, arabiera estandar modernoa kultura audiobisualean erabiltzen da, latina ez bezala.
Erdi Aroan, arabiera literarioa kulturaren bektore garrantzitsu bat izan zen Europan, bereziki zientzian, matematikan eta filosofian.[5] Horren ondorioz, Europako hizkuntza askok maileguak hartu zizkioten arabierari. Haren eragina argia da hizkuntza batzuen lexikoan, bereziki gaztelaniaz, pixka bat ahulagoa portugesez eta katalanez. Euskaraz ere ugari dira arabieratik hartutako maileguak (alkate, albiste, albaitari, gutun...).[6] Eragin hori gertatu ahal izan zen batez ere al-Andalusen arabiar kulturak eman zituen ia zortzi mendeen ondorioz. Sizilierak arabieratiko 500 bat hitz ditu, Ipar Afrikatik IX. eta X. mendeetan egindako konkisten ondorioz. Eslaviar hizkuntzek, baita grezierak eta bulgarierak ere, arabieratik hartutako hitz asko dituzte, Otomandar Inperioaren mende iragandako denboraren poderioz.
Historian zehar, arabierak eragin nabarmena izan du hizkuntza askotan; horien artean dira persiera, turkiera, gaztelania, frantsesa,[7] urdua, kaxmirera, kurdua, bosniera, kazakhera, bengalera, hindia, malaysiera, maldivera, indonesiera, paxtuna, punjabera, tagaloa, sindhi eta hausa.
Era berean, arabierak hitz asko mailegatu ditu beste hizkuntza batzuetatik, bereziki grezieratik eta persieratik Erdi Aroan, eta ingelesetik eta frantsesetik aro modernoan.
Arabiera klasikoa 1.600 milioi musulmanen hizkuntza liturgikoa da,[8] eta arabiera estandar modernoa Nazio Batuen Erakundearen sei hizkuntza ofizialetako bat da.[9] Haren aldera guztiak batuta,440 milioi hiztun inguru ditu, lehen eta bigarren hizkuntza gisa: munduko bosgarren hizkuntzarik mintzatuena da.[10] Arabiar alfabetoaz idazten da, eskuinetik ezkerrera, eta ASCII Latin bihur daiteke, arau estandar batzuen arabera.[11][12]
Deskribapen linguistikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sailkapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabiera mendebaldeko azpiadar semitikoa kokatzen da ―hiru hizkuntzaz osatua: hebreera, aramera eta arabiera―, afro-asiar enborraren adar semitikoan. Hizkuntza semitikorik arkaikoena da, hau da, antzinako semitikotik gertuen dagoena, gaur egun bizirik dirauten guztien artean.[13]
Arabiera literatura hizkuntza bihurtu zen VI. mendean, eta musulmanen hizkuntza liturgikoa VII. mendean.[14]
Arabieraren aldaera literarioa da «al-luḡa al-fuṣḥà» (hizkuntza adierazgarriena), bere barnean hartzen dituena antzinako arabiera ―islamaren aurreko poesia, Koran eta literatura klasikoa― eta literatura garaikidean eta komunikabideetan erabiltzen den arabiera estandar modernoa. Aldaera dialektalek «al-luḡa al-ʿammiyya» izen generikoa hartzen dute (herri hizkuntza, jendearen hizkuntza), nahiz eta badiren bataren eta bestearen tarteko formak ere.
Fonologia eta idazketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arabierak idazkera sistema propioa erabiltzen du, eskuinetik ezkerrera idazten dena, letrak elkarrekin lotuz. Horrela, arabiar alfabetoko letra bakoitzak lau grafia desberdin har ditzake, kontuan hartuta letra hori isolatuta, hitzaren hasieran, erdian edo amaieran dagoen.
Salbuespen gutxi batzuk kenduta, grafema bakoitzari fonema bat dagokio, hau da: arabieraz ia ez dago letra muturik, elisiorik edo posizio nahiz konbinazio jakin batzuetan bestelako balioa duen letrarik. Salbuespenak hizkuntzaren erabilera erlijiosoari lotuta egon ohi dira.
Ahozko arabieraz, letra batzuek balio desberdinak dituzte aldaera dialektal batzuetan, arabiera klasikoaren aldean. Oro har, tokian tokiko berezitasun horiek mantendu egiten dira hiztunak arabiera estandarra erabiltzen duenean.
Arabieraz ez dago letra larririk; XX. mendearen bigarren hamarkadan proposatu zen halakorik sartzea, baina ekimenak ez zuen arrakastarik izan. Arabiar izen propioek esanahia izan ohi dutenez, nahasketarik egon ez dadin batzuetan parentesi edo komatxo artean agertzen dira.
Arabierak Europako hizkuntzen puntuazio zeinuak gehitu eta, kasu batzuetan, egokitu ditu: puntua, koma (،), puntu eta koma (؛), galdera marka (؟) harridura marka (!) eta abar. Azken biak, euskaraz bezala, esaldiaren bukaeran bakarrik idazten dira. Etenpuntuak bi izaten dira, ez hiru.
Arabiera estandar modernoak 28 kontsonante fonema ditu: bi multzotan banatuak: kontsonante enfatikoak ( belarizatuak) eta ez-enfatikoak. Bokalak hiru dira: /i, a, u/, bere aldaera luze eta laburretan, eta bi diptongo: /aj/ eta /aw/. Badira, jakina, aldaera alofonoak, hiztunak nabarmentzen ez dituenak. Horregatik, arabiar izenen transliterazioa ematerakoan maiz gertatzen dira zalantzak (adibidez, «Bin Ladin/Ben Laden/Bin Laden» edo «Jasser/Jassir Arafat». Fonema hauetako batzuk batu egin dira, dialekto moderno batzuetan, beste fonema batzuk sortzeko maileguetan edo zatiketa fonetikoetan.
Morfosintaxia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erroak eta formak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gainerako hizkuntza semitikoetan bezala, arabieraren morfologia bi kontzeptu nagusitan antolatzen da: alde batetik, erroak (arabieraz: جذر) daude; eta, bestetik, formak edo pisuak (arabieraz: وزن). Erroa gehienetan hiru kontsonantez osatua da, eta esanahi orokorra du. Forma erroaren flexio paradigma bat da, eta, askotan, esanahi bat du bere baitan. Adibide gisa: «ista» aditz forma (eginarazi) batzen bada «KTB» erroarekin (idatzi), horren emaitza da «istaKTaBa» aditza (diktatu edo idatzarazi); paradigma berari «ḪDM» erroa (zerbitzatu) batuz gero, «istaḪDaMa» sortzen da (erabili, hau da, zerbitzarazi); «NZL» erroarekin, «istaNZaLa» (inspiratu, hau da, inspirazioa jaitsarazi).
«KTB» (arabieraz: كتب, idatzi) erroarekin sortutako beste paradigma batzuk dira:
- «KaTaBa» (arabieraz: كتب): (hark) idatzi zuen
- «iKtaTaBa» (arabieraz: إكتتب): inskribatu egin zen
- «KiTāB» (arabieraz: كتاب): aske
- «KāTiBa» (arabieraz: كاتبة): idazle, idazkari
- «maKTaBa» (arabieraz: مكتبة): liburutegi
- «miKTaB» (arabieraz: مكتب): idazmahai
- «uKTuB!» (arabieraz: اكتب): idatzi!
- «taKTuBūna» (arabieraz: تكتبون): idazten duzue
- «maKTūB» (arabieraz: مكتوب): idatzita (dagoena)
Erroetan eta formetan oinarritutako morfologia horrek aukera ematen du hitz ezezagun baten esanahia ondorioztatzeko, erroaren eta paradigmaren esanahiak lotuz. Adibidez, «ẓāhir» (arabieraz: ظاهر) hitzak konbinatzen du «ikusi» esanahia duen erro bat iraganeko partizipioaren paradigmarekin; horrek aukera ematen digu susmatzeko hitzak «ikusten dena» edo «itxurazkoa» esan nahi duela, nahiz eta hitz berak beste esanahi batzuk dituen, modu horretan aurkitu ezingo genituzkeenak.
Paradigma finkoak asko laguntzen du hitz batean dauden bokalak ondorioztatzen, eta horrek aukera ematen du haien bokalizazioa interpretatzeko, inoiz ahoskatzen entzun gabeko hitz bat irakurtzerakoan.
Adibidez, 12ā3 forma idatzia (zenbakiek erroaren kontsonanteak ordezkatzen dituzte) duten hitzen % 99 ahoskatzen dira 1i2ā3: «kitāb», «kifāh», «ḥimār», «kibār» eta abar. Alabaina, «ḏhābat» (arabieraz: ذهبت, joan nintzen) idazten den hitza «ḏhahābat» irakurtzen da. Beraz, hitz hori irakurketaren bidez ikasi duenak, eta ez entzunez, beste % 99 hitzekin analogiaz ahoskatuko du. Sortzez arabiar diren adituen ustez, arabiera hizkuntza mintzatutzat hartzeko joera dutelarik, «ḏhihābat» ahoskera okerra da, eta «ḏhahābat» da zuzen bakarra da. Mendebaldeko adituen arabera, aldiz, arabiera hizkuntza idatzi gisa definitzeko joera dutenez, ahoskeraren xehetasunak bigarren mailakoak dira eta ustezko akatsa hain dago hedatua, non uste baitute arabiera estandarrean zuzentzat jo behar litzatekeela.
Arabieraren hiztegiek erroaren arauz antolatzen dute hitzen hurrenkera. Erro bakoitzari hiztegiko sarrera bat dagokio, eta horren barruan hitz eratorriak eskema zehatz baten arabera antolatzen dira. Horrek esan nahi du erroa ezagutu behar dela hiztegian hitz jakin bat aurkitzeko. Batzuetan ez da erraza izaten, erro irregularrak daudenez.[15]
Generoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabierak bi genero gramatikal ditu: maskulinoa eta femeninoa. Oro har, femeninoak dira femeninoaren forma duten hitzak, hau da, ة, اء edo ى (-āʾ, -at edo -à) amaitzen diren hitz singularrak, eta maskulinoak dira halako amaierarik gabekoak.
Arau horren salbuespen gehienak gertatzen dira berezko amaierarik ez duten hitz femeninoetan, adibidez:[16]
- Eme izakiei dagozkien hitzak: أم «umm» (ama); فرس «faras» (behorra); مريم «Maryam» (Maria, izen propioa).
- Haizeen izenak.
- Analogia bidez, bizi iturritzat hartzen diren hitzak eta haiekin erlazionaturiko beste batzuk: شمس «xams» (eguzkia); نور «nūr» (argia); نار «nār» (sua); رحم «raḥm» (sabela, umetokia); أرض «arḍ» (lurra).
- Gorputz atal bikoitzen izenak: يد «yad» (eskua); عين «ʿayn» (begia).
- Beste hitz batzuk, erabilera dela-eta: قوس «qaws» (arkua) بئر «biʾr» (putzua), طريق «ṭarīq» (bidea).
Halaber, ez da ohikoa amaiera femeninoa duen hitz bat maskulinoa izatea, nahiz eta salbuespen horren adibide diren zenbakiak hirutik hamarrera bitarte, zenbaki maskulinoak eta «kẖalīfah» (arabieraz: خليفة, kalifa).
Izaki bizidunen femenino singularra ة (-at) amaiera maskulinoari gehituz eratzen da ia beti: كاتب «kātib» (gizon idazle) > كاتبة «kātibat» (emakume idazle); مستخدم «mustaẖdim» (gizon erabiltzaile) > مستخدمة «mustaẖdimat» (emakume erabiltzaile); صحراوي «ṣaḥrāwī» (gizon saharar) > صحراوية «ṣaḥrāwiyyat» (emakume saharar) eta abar.[17]
Hitz batzuek bi generoak dituzte, hala nola «qatīl» (arabieraz: قتيل, hila).
Numero gramatikala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabieraz hiru numero gramatikal daude: singularra, duala eta plurala.[18]
- Singularraren barruan sartzen dira singulatiboak, hau da, kolektibo baten esanahia duen hitz batekiko unitate bat adierazten duten hitzak. Esate baterako, «zaytūna» (arabieraz: زيثونة, oliba [bat]) singulatibo bat da, «zaytūn» (arabieraz: زيتون, oliba [generikoa]) hitzarena. Bere aldetik, «zaytūna» hitzak forma plurala har dezake (arabieraz: زيتونات, zaytūnāt). Singulatiboaren forma eratzen da izen kolektiboari erantsiz femeninoaren amaiera ة (-at).
- Dualak bi unitate adierazten ditu. Eratzen da -ān (nominatiboa) edo -ayn (akusatibo/genitibo) amaiera gehituta: «baḥr» (arabieraz: بحر, itsasoa) > «baḥrayn» (arabieraz: بحرين, bi itxaso, Bahrain). Forma honek eragina du aditz jokoetan ere, nahiz eta arabiera dialektalean duala ez den oso emankorra, eta, oro har, jada eratuta dauden erabileretarako gordetzen den, ez aditzetarako.
- Arabiar plurala konplexutasun handikoa da:
- Plural erregularra eratzen da ون -ūn edoo ين -īn (nominatiboa edo akusatibo/genitiboa) bukaerak gehituz maskulinoan, eta ات -āt amaiera femeninoan. Maskulino plurala gizakiei dagozkien hitzetan erabiltzen da gehienbat. Femenino pluralak erabilera zabalagoa du, izaki bizidun nahiz bizigabeentzat erabil daiteke, eta ة (a) femeninoaren marka duten hitzen ohiko plurala izan ohi da: «mustaẖdimūn» (arabieraz: مستخدمون, gizon erabiltzaileak); «mustaẖdimāt» (arabieraz: مستخدمات, emakumezko erabiltzaileak).[19]
- Plural hautsia edo barne plurala da ohikoena. Hitz singularraren barne flexioaren bidez eratzen da. Erro eta formetara itzuliz, plural hauek dira singularraren erroak beste paradigma batekin, singular horren plural direnak. Xehetasun hori garrantzitsua da, zeren eta gehienetan ez baitago zehatz jakiterik zein plural dagokion hitz singular bati, ezta zein singular dagokion hitz plural bati ere: hiztunak edo analogiaz jokatu behar du, edo hitz bakoitzaren singularra eta plurala ikasi behar ditu.[20] Adibideak:
- Beste kasu batzuetan, singularreko forma jakin bati nahitaez pluraleko forma jakin bat dagokio:
- «qānūn» (arabieraz: قانون, legea), pl. «qawānīn» (arabieraz: قوانين).
- «ṣārūẖ» (arabieraz: صاروخ, misila, porrua), pl. «ṣawārīẖ» (arabieraz: صواريخ). Batzuetan hitz batek plural bat baino gehiago izan ditzake. Arabiera estandarrak pluraleko forma bakarra sinplifikatu eta finkatzeko joera du, arabiera klasikoan, garaiaren eta eskualdearen arauz, pluraleko forma desberdinak dituzten hitzetan. Joera horrek, baina, agerian jartzen du zein den plural forma ezberdinen artean estandarra, hiztegietan plural forma guztiak zerrendatzen direnez, erabilera oraindik ere indarrean dagoenez.[21]
- Ahozko aldaeretan ere badira aldeak:
Flexioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabiera klasikoan elemento nominalak flexio bat du, hiru kasu (nominatiboa, akusatiboa eta genitiboa) eta bi forma (zehaztua eta zehaztugabea) dituena. Flexioa, oro har, azken letraren gainean jarritako zeinu diakritiko baten bitartez adierazten da. Bokal laburren kasuan bezala, diakritiko hori testu didaktikoetan soilik idazten da, edo nahasteko arriskua dagoenean.[22]
kasua | zehaztua | zehaztugabea |
---|---|---|
nominatiboa | dāru دارُ | dārun دارٌ |
akusatiboa | dāra دارَ | dāran داراً |
genitiboa | dāri دارِ | dārin دارٍ |
Adibide horretan ikus daitekeen bezala, idazten diren letrak beti berdinak dira, akusatibo zehaztugabean izan ezik, non diakritikoa «alif» (ا) baten gainean kokatzen baita. Ikusi dugun moduan, pluraleko eta dualeko bukaerek flexio propioa dute, eta horrek aldaketa dakar letretan, aditz forma batzuetan gertatzen den gisan.
Diakritikoa denez, testu bat ozenki irakurtzen duenak aurrez ulertu behar du, hitz bakoitzaren amaieran zein kasu esan behar den jakiteko.
Arabiera estandarrak alde batera utzi ohi ditu idazketan islarik ez duten flexioak, hala nola hitz bukaerako bokal laburrak. Flexioa ahoskatzea ohikoa da testu bat irakurtzen denean, hitzaldi bat esaten denean edo poesia errezitatzen denean, baina eguneroko elkarrizketan ez da egokitzat jotzen, soberakotzat hartzen da.
Arabiera dialektalak flexio guztiak alde batera uzten ditu: dualeko eta pluraleko bukaeretan akusatiboa/genitiboa forma bakarrik erabiltzen du.
Adibidez:
Esaldia: «erabiltzaileek orrialde luzeak idazten dituzte ordenagailuaren aurrean eserita» | |||
---|---|---|---|
arabiera klasikoa | arabiera dialektala | ||
idazkera | المستخدمون يكتبون صحفا طويلة جالسون أمام الحاسوب | idazkera | المستخدمين يكتبوا صحف طويلة جالسين أمام الحاسوب* |
ahoskera klasikoa | al-mustaẖdimūna yaktubūna ṣuḥufan ṭawīlatan jālisūna amāma l-ḥāsūb | ahoskera dialektala | al-mustaẖdimīn yaktubū ṣuḥuf ṭawīla jālisīn amām al-ḥāsūb |
flexiorik gabeko ahoskera | al-mustaẖdimūn yaktubūn ṣuḥufan ṭawīla jālisūn amām al-ḥāsūb |
Izen sintagma
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezaugarri orokorrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izen sintagma dira perpausaren subjektua, objektua eta zenbait osagarri. Bere formarik klasikoenean, perpausaren ohiko hurrenkera da aditza + subjektua + objektua + osagarriak. Hala ere, forma dialektaletan ohikoagoa da subjektua + aditza hurrenkera, arabiera estandar modernoan ere maiz erabiltzen dena. Aditza subjektu plural baten aurrean dagoenean, aditza singularrean jokatzen da. Ez da horrela gertatzen aditza subjektuaren atzean jartzen bada.[23]
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izenari aplikatzen zaizkio aurreko ataletan azaldutakoak erroaz eta formaz, generoaz, numeroaz, flexioaz.
Adjektiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Adjektiboa beti substantiboaren ondoren doa arabieraz. Adjektiboa pertsonei buruzkoa bada, edo gauzei buruzkoa eta singularra bada, adjektiboak izenarekiko komunztadura du generoaz eta numeroaz, eta kasuaz, flexioa erabiltzen bada. Alabaina, substantiboa gauzen edo izaki bizidunen (gizakia izan ezik) plurala bada, komunztadura femenino singularrean egiten du. Hau da, adibidez:
liburu + polit | |||
---|---|---|---|
singularra | kitāb[un] jamīl[un] | كتاب جميل | liburu polit bat |
plurala | kutub[un] jamīla[tun] | كتب جميلة | liburu batzuk polita |
Izena «al-» artikuluak determinatzen badu, adjektiboak ere hala egon behar dira. Horrela, «al-ʿālam al-ʿarabī» (hitzez hitz, «mundua arabiarra») da «arabiar mundua» esateko modua.[24]
Bada adjektibo mota bat oso emankorra, «nisbī» (arabieraz: نسبي) edo erlaziozkoa, eratzen dena maskulinoan «-ī» (ي) eta femeninoan «-iyya» (ية) atzizkia erantsita. Arabieraz kasu bakanetako bat da hitzak atzizki bidez eratzekoa eta ez barne flexioaren bidez. Erlaziozko adjektiboak balio du, besteak beste, herritar izenak osatzeko, eta ohikoa da erlazioa edo pertenentzia adierazten duten abizen eta hitzetan, hala nola
- «Tūnis» (arabieraz: تونس, Tunisia) > «tūnisiyya» (arabieraz: تونسية, tunisiar);
- «ixtirāk» (arabieraz: إشتراك, partekatu, sozializatu) > «ixtirākī» (arabieraz: إشتراكي, sozialista);
- «yawm» (arabieraz: يوم, eguna) > «yawmī» (arabieraz: يومي, egunkaria, kazeta).
Femenino pluraleko amaierak balio du substantiboak eratzeko ere:
- «yawm» (arabieraz: يوم, eguna) > «yawmiyyāt» (arabieraz: يوميات, egunkaria);
- As-Sūdān (arabieraz: السودان, Sudan) > «sūdāniyyāt» (arabieraz: سودانيات, Sudani dagozkion gauzak).[25]
Determinazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabieraz artikulu determinatzaile bakarra dago, generoan eta numeroan aldaketarik ez duena, nahiz ahoskeran aldatzen den. «al-» (ال) artikulua hori determinatzen duen hitzari lotuta idazten da; horregatik, latindar alfabetora transkribatzen denean, gidoi batekin bereizita ageri ohi da, eta ez espazio batekin bereizia.
Artikuluaren «l» letraren ahoskera aldatu egiten da determinatutako hitzaren lehen letraren arabera, letra hori eguzki letra bat denean. Alfabetoko letren erdiak dira eguzki letrak: tāʾ (ﺕ), ṯāʾ (ﺙ), dāl (ﺩ), ḏāl (ﺫ), rāʾ (ﺭ), zāī (ﺯ), sīn (ﺱ), šīn (ﺵ), ṣād (ﺹ), ḍād (ﺽ), ṭāʾ (ﻁ), ẓāʾ (ﻅ), lām (ﻝ) eta nūn (ﻥ). Gainerakoei ilargi letra deritze. Horrela, «al-tūn» (arabieraz: التون, hegalabur) idazten dena «at-tūn» ahoskatzen da; «al-zayt» (arabieraz: الزيت, olio) idazten dena «az-zayt» eta abar. Latindar karaktereetan egindako transkripzioan, artikuluaren «l» hori gorde edo asimilazioarekin ordezka daiteke.[26]
Bestalde, artikuluaren «a» desagertu egiten da aurreko hitza bokalez amaitzen denean; flexioa erabiltzen bada, hori oso maiz gertatzen da: «al-kutub» (arabieraz: الكتب, liburuak) > «ixtarà l-kutub» (arabieraz: إشترى الكتب, liburuak erosi zituen).
Arabieraz ez dago artikulu zehaztugaberik, balio hori flexioak ematen baitu. Arabiera dialektalak sarri erabiltzen du «wāḥid» (arabieraz: واحد, bat) zenbatzailea artikulu zehaztua gehituta: arabiera klasikoan «kitābun» (arabieraz: كتابٌ, liburu bat); arabiera dialektalean «wāḥid al-kitāb» (arabieraz: واحد الكتاب, bat liburua).
Arabieraren eraginak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabismoak Europako hizkuntzetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabierak hitz ugari utzi ditu mendebaldeko beste hizkuntza batzuetan, batez ere gaztelaniaz eta portugesez. Gaztelaniaren, portugesaren, katalanaren eta sizilieraren kasuan, arabieratik hartutako maileguak hizkuntza horien superestratu bat dira. Beste hizkuntza erromantzeen kasuan, arabismoak adstrato bat dira.
Europa osoko hizkuntzetan hedatutako arabismoak (alanbike, abrikot, almirante, kotoi, aduana, alkaterna, azukre, laranja, zifra, zero eta beste hainbat) hiru bidetatik heldu izan dira: Al-Andalusekin muga egiten zuten herrialdeetatik; merkataritzatik eta gurutzadetako espedizioetatik; edo arabierarekin ukipen zuzen bat bat izanda, norberaren lurraldean.[27]
Gogoan izan behar da, besteak beste, Mendebaldean zifra indikoak erabiltzen direla arabiarrekiko kontaktuari esker.
Arabismoak euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskararen hitz patrimonialei dagokienez, Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoaren arauz, euskaraz arabieratik hartutako hitz hauek daude:[28]
- urririk: arabiera hispaniarreko «ḥurr» (libre, askatutako esklabo) hitza da iturria; ageri da Valentziako katalanean «eixir-se’n de forro» (ordaindu gabe atera) eta gaztelaniazko «sacar horro» (zerbait ordaindu gabe eskuratu, hortik «a horro» > «ahorro». Penintsulako erromantze guztietan dago hitz hori, eta formaren aldetik gaztelaniazko «horro», katalanezko «forro» eta euskarazko «urru» kognatu beteak izan daitezke, esanahiaren aldetik ere kidetasun osokoa.[29]
- gutun / kutun: «kutub» (arabieraz: كتب) du jatorri, «kitab» (arabieraz: كتاب, idazki, liburu) hitzaren pluraleko forma. Koldo Mitxelenaren ustez, arabierari zuzenean hartutako hitz bakanetakoa izan liteke, bitarteko erromantzerik gabekoa.[30] Hala bada, aipagarria da euskarak artikulurik gabeko forma mailegatzea, hizkuntza ibero-erromantzeetan gertatu ohi zenaz bestela (adibidez, algodón); ohartzekoa da, halaber, pluraleko forma mailegatu zela.[31]
- lapur / napur / ñapur: dirudienez, arabierazko «nfr» erroa izan liteke jatorria, «(animalia) izutu, ihesi joan, (jendea) sakabanatu» adieran. Erro horretatik eratorria, «nâfir» adjektiboa dago, pluralean «nafûr» formaz, «(animalia) iheskor, izu».[32] Euskarazko «n-» formak lirateke jatorrizkoak, eta ongi dokumentatuak daude «l-» eta «n-»ren arteko txandakatzearen adibideak.[33]
- alkate: qâḍī (arabieraz: قاضي, epaile) da hitzaren jatorria, baina ez dago argi euskarara zuzenean ala erromantzeren baten bitartez sartu zen. Euskarak arabieratik zuzenean harturiko mailegua bada, «-ḍ-» kontsonante bortitz moduan hartuko zen, eta «-t-» egokitu; kasu horretan «-ī» bokala euskaraz -e egin zela pentsatu beharko genuke. Beste aukera bat da pentsatzea -e gerora gehitutakoa izatea, «-ī» arabieraren barruan galdu eta hitz amaierako herskaria ahoskabetu ondotik.[34]
Arabiera eta Islama
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabiera klasikoa Koran liburu sakratuaren hizkuntza da. Oso erlazioa estua dute arabierak eta islamak, Korana arabieraz idatzita dagoelako; hala ere, arabiera klasikoa ez da musulman gehienen ama hizkuntza, arabiar herrialdeetan hizkuntzaren dialektoak hitz egiten direlako, baina gai dira Korana ulertzeko.[35]
Korana arabieraz idatzi zen, eta bertan erabiltzen den hizkuntza arabiera klasikotzat hartzen da, hizkuntza eredu nagusitzat; horregatik, musulman askok ez du onartzen Koran liburuan beste hizkuntzetatik hartuta ezer dagoenik, nahiz eta hebreerazko edo asirierazko hitzak egon. Era berean, Korana arabieraz idatzitako hedadura handiko lehen lana izan zen, aberastasun estruktural handi bat ekarri zuena, arabiar literaturaren lehenagoko lanekin alderatuz gero.
Kaligrafia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]786. urtearen inguruan arabiar idazkera behin betiko finkatu ondoren, arabiar kaligrafiak estilo asko garatu zituen, bai Koranaren transkripziorako, bai beste liburu batzuetarako, edo monumentuetako idazkunak egiteko, apaingarri gisa.[36][37]
Arabiar kaligrafia bizirik gorde da ar modernora arte, mendebaldeko kulturan gertatu izan denaren aurkara, eta arabiarrek arte mota garrantzitsuenetakotzat hartzen jarraitzen dute; kaligrafoak oso preziatuak dira.[38]
Arabieraren idazkera berez kurtsiboa den heinean, latindar alfabetoa ez bezala, arabierazko idazkun orok aurkezpen ikusgarria izan ohi du, izan Koranaren bertso bat, izan hadith bat edo, besterik gabe, izan esaldi arrunt bat idazteko.[39]
Kaligrafiak alde figuratiboa ere badu. Hitz baten barruan idatzitako zatikiak gurutzatuz edo mikrografia[40] erabiliz, kaligrafoek irudi antropomorfikoak, zoomorfikoak edo bizigabeak erreproduzitzen dituzte.[41]
Estilo nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Naskh edo naskhi
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Naskh (arabieraz: نسخ, nasḫ) estilo oinarrizkoa da; islamaren aurreko antzinako letra etzanetik eratorria, kaligrafia azkarra eta argia izateko garatu zen, eskuizkribuak kopiatu ahal izateko. Inprimategiko letren oinarrian dagoen estiloa da, arabiar karaktereak erabiltzen dituzten hizkuntza gehienetan.[42]
Taliq
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Taliq edo taʿlīq (arabieraz: تعلیق, taʿliq) estiloa persieraren beharrak asetzeko bereziki diseinatu zen, XVII. mendean. Oinarritzat hartu zituen aurreko beste estilo batzuk, batik bat naskh, twaqi et ruq'. Oso erabilia izan zen, bereziki XVI. mendeko persierazko poesia kopiatzeko Iranen eta Indian, nastaliq estiloak ordeztu zuen arte.[43]
Nastaliq
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nastaliq (persieraz: نستعلیق) estiloa Mir Ali Tabrizik eratu zuena XIV. mendean, Tabrizen. Izenak dioen bezala, naskh eta taliq estiloen nahasketa bat da.[44] Literatura poetikorako erabilia, nastaliq estiloa, gaur egun, persiera, dari eta urdua eta Asia hegoaldeko edo erdialdeko beste hizkuntza asko idazteko zabaldua dago. Baita ere, dekorazio idazketarako ere erabiltzen da, izenburuetan, iragarkietan eta eskuz idazteko Iranen eta Afganistanen.[45]
Kufikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kufikoa da arabiera idazteko erabilitako estilo edo molde zaharrena. VII. mendearen bukaeraren inguruan garatu zen, Kufa hirian (gaur egungo Irak; hiri horretatik datorkio izena) eta beste gune batzuetan. Idazkera oso angeluarra da, ondo mugatutako ingeradak ditu eta segmentu geometriko moduan egitera jotzen du. Forma aldatu karratuago batean, monumentu islamiko askotan aurki daiteke.[46]
Arabiar literatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabierak ekoizpen literario (arabiar literatura, arabieraz: الأدب العربي, al-Adab al-‘Arabī) oso zabala du, V. mendetik abiatuta.
Arabiar literaturaren ale zaharrenak «mu'allaqat» (arabieraz: المُعَلَّقات, al-Muʿallaqāt, zintzilikatua) izeneko Arabia preislamikoaren kasida olerkiak dira. Izen hori eman zitzaien, dirudienez, Mekako Kaaba panteoiko hormetan idatzi eta zintzilikatu zitezkeelako, poesia lehiaketaren batean garaile izan ondoren. Horregatik iraungo zuten, ziurrenik, kontuan izan behar baita garai hartan literatura ahozkoa zela eta, horren ondorioz, pentsatu behar da produkzioaren zatirik handiena galdu egingo zela. Mu'allaqat haiek poema luzeak ziren, eskema finko batez eraikiak, gerora islamiar garaiko poesia klasikoak hartuko zuena, aldakuntza batzuekin. Islamaren aurreko poesia hizkuntza eta literatura eredu gisa geratu da arabiar kulturan, eta basamortuko bizitzari lotutako jatorrizko balioen adibide gisa, hala nola gizalegearena.[47]
Korana eta islamaren hedapena mugarri bat izan ziren arabiar literaturaren historian. Lehenik, idazketa behin betikoa garatu zen eta hizkuntza literarioa, arabiera klasikoa, guztiz finkatu zen. Bigarrenik, arabierazko literaturak Arabiar penintsularen muga estuak gainditu eta Islama hedatzen zen lurralde guztietan hasi zen garatzen, arabiera hizkuntza zabaldua eta prestigioduna baitzen, nahiz eta geroago persierak ordeztu zuen Asiako eskualde batzuetan. Horrela, literatura arabiar klasikoaren eremu zabala ireki zen, genero eta autore ugari eman dituena historian zehar.[48]
Al-Andalus eta Ekialdeko arabiar potentziak (Bagdad, Kairo) erori zirenean, Otomandar Inperioak nagusitasuna hartu zuelarik, arabiar literatura gainbeheran sartu zen, aurreko mendeetan izandako loraldiarekin alderatuz, ekoizpen askoz ere urriagoa eta originaltasun eskasekoa. XIX. mendearen erdialdetik XX. mendearen hasierara, eremuen arabera, mundu arabiarra, eta horrekin batera bere literatura, «Nahda» (Bizkundea) izeneko biziberritze prozesu batean sartu zen. Arabiar literatura garaikidea eredu klasikoetatik bereizten da, eta eleberri, ipuin labur eta, neurri txikiagoan, antzerki eta bestelako generoetara hedatua dago. Poesiak, garai klasikoan bezala, generorik landuena izaten jarraitzen du.[49]
XX. mendearen erdialdean arabiar nazionalismoak izandako goraldia akuilu izan zen literaturaren garapenerako. Lurraldeka, Egipto da arabiar literatura garaikidean idazle gehien eman duen herrialdea ―besteak beste Najib Mahfuz Nobel sariduna― eta ondoren datoz Libano, Siria, Palestina eta Irak. Aforismo ezagun bezain eztabaidatu batek dio: «Egiptok idatzi, Libanok argitaratu eta Irakek irakurtzen du».[50] Alabaina, XXI. mendean esaldiak jada ez du balio: Egiptok produkziorik handiena izaten jarraitzen badu eta Libanok arabiar argitaletxe entzutetsuenen egoitza izaten jarraitzen badu, Golkoko Gerrak eta Irakeko 2003ko inbasioak ia guztiz suntsitu zuten agian kultura maila goreneko arabiar gizartea.
Arabieratik eratorritako hizkuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maltera Afro-asiar hizkuntza bat da. Jatorriz, Magrebeko arabierarekin dago lotuta. Hizkuntza semitiko bakarra da, nagusiki bere forma ofizialean transkribatzen dena latindar alfabetoan oinarritutako alfabeto baten bidez, hala ere zeinu diakritikoz aberastua, hala nola, hizki gaineko puntua (ċ, e, ż) edo barra txertatua (ħ).[51]
Arabiar herrialdeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabierak izaera ofiziala onartua eta arautua dauka 26 herrialde hauetan:
Aljeria
Arabiar Emirerri Batuak
Bahrain
Djibuti
Egipto
Eritrea
Irak
Israel
Jordania
Komoreak
Kuwait
Libano
Libia
Maroko
Mauritania
Mendebaldeko Sahara
Oman
Palestina
Qatar
Saudi Arabia
Siria
Somalia
Sudan
Tunisia
Txad
Yemen
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Al-Jallad, Ahmad. (2018). Reem Bassiouney; Elabbas Benmamoun eds. «The earliest stages of Arabic and its linguistic classification» The Routledge handbook of Arabic linguistics (London: Routledge): 315-331. or. doi: . ISBN 978-1351377799. OCLC .1019573997 (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
- ↑ «ara | ISO 639-3» iso639-3.sil.org (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
- ↑ (Ingelesez) Albirini, Abdulkafi. (2016). Modern Arabic sociolinguistics: diglossia, variation, codeswitching, attitudes and identity. London: Routledge ISBN 978-0415707466. OCLC .904011986.
- ↑ (Ingelesez) Kamusella, Tomasz; Kamusella, Tom. (2017-12-29). «The Arabic Language: A Latin of Modernity?» Journal of Nationalism, Memory & Language Politics 11 (2): 117–145. doi: . ISSN 2570-5857. (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
- ↑ (Frantsesez) Benrabah, Mohamed. (2009). «L’arabe au Moyen Âge, langue de la pensée et de la science profanes» Travaux de Sciences Sociales 214: 95-121. or. ISSN 1424-6201. (Noiz kontsultatua: 2025-02-23).
- ↑ EiTB. (2013-11-27). «Bideoa: Euskarak arabieratik hitz mordoa jaso du» Tribuaren Berbak (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
- ↑ (Frantsesez) Garni, Mjid El. (2021-12-15). «Genre et nombre des emprunts nominaux de l’arabe marocain au français : étude phonétique et morphologique» Pratiques. Linguistique, littérature, didactique (191-192) doi: . ISSN 2425-2042. (Noiz kontsultatua: 2025-02-23).
- ↑ (Frantsesez) «Journée mondiale de la langue arabe : sept particularités qui pourraient vous surprendre» Middle East Eye (web.archive.org) 2023-12-17 (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
- ↑ (Ingelesez) «What are the official languages of the United Nations?» Ask DAG! (web.archive.org) 2016-02-05 (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
- ↑ (Frantsesez) «Les langues les plus parlées en 2024 : L'arabe en 5e position, devancé par l'Espagnol» Maroc Diplomatique (web.archive.org) 2024-09-16 (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
- ↑ (Frantsesez) «Comment écrire l’arabe en caractères latins ?» Institut du monde arabe (web.archive.org) 2021-10-28 (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
- ↑ (Frantsesez) «Les principes de la translittération, la translittération de l'arabe et la nouvelle norme de l'ISO» Bulletin des bibliothèques de France (web.archive.org) 2024-01-24 (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
- ↑ (Ingelesez) Leaman, Oliver. (2006). The Qur'an: An Encyclopedia. London: Taylor & Francis ISBN 978-0415326391. OCLC .750809565 (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
- ↑ (Frantsesez) Carter, Michael. (2010). «L'étude de l'arabe» Diogène 229230 (1): 153-173. or. doi: . ISSN 0419-1633. (Noiz kontsultatua: 2025-02-23).
- ↑ (Ingelesez) Al-hassy, Musa. (2022-10-26). «Arabic Roots: The Power of Patterns» Emacs and Org-mode (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-02-23).
- ↑ (Frantsesez) «Genre grammatical en arabe» monsieurboursier (web.archive.org) 2020-02-09 (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ (Frantsesez) Léda, Mansour. (2023). Danièle Manesse; Gilles Siouffi eds. «Le genre en langue arabe» Le féminin et le masculin dans la langue : l'écriture inclusive en questions (Paris: ESF sciences humaines) ISBN 978-2710138945. OCLC .1418897559.
- ↑ (Frantsesez) Méhiri, Abdelkader. (1998). «La structure de la phrase selon la tradition grammaticale arabe» L'information grammaticale 2 (1): 9–12. doi: . ISSN 0222-9838. (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ (Frantsesez) «Le pluriel en arabe» الْجَمْعُ - Al-dirassa (web.archive.org) 2023-06-05 (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ (Frantsesez) Kihm, Alain. (2003-06-01). «Les pluriels internes de l'arabe : système et conséquences pour l'architecture de la grammaire» Recherches linguistiques de Vincennes (32): 109-156. or. doi: . ISSN 0986-6124. (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ (Frantsesez) «Le pluriel – اَلْجَمْعُ | cours d’arabe gratuit» Institut Al-dirassa (web.archive.org) 2023-12-08 (Noiz kontsultatua: 2025-02-25).
- ↑ (Frantsesez) Sartori, Manuel. (2018). «La flexion désinentielle et l'arabe. État de la question et discussion d'arguments récents» Case and Mood Endings in Semitic Languages - Myth or Reality? Désinences casuelles et modales dans les langues sémitiques - mythe ou réalité ? (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ (Frantsesez) Asbayou, Omar. (2023-03-07). «L'analyse du syntagme nominal complexe en arabe en vue de sa reconnaissance automatique» La clé des langues (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ (Frantsesez) «Les adjectifs de la langue arabe» الصِّفَاتُ - Institut Al-dirassa (web.archive.org) 2025-03-01 (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ (Frantsesez) «Annexe:Adjectif relatif en arabe» Wiktionnaire, le dictionnaire libre 2022-09-08 (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ (Frantsesez) «Les articles définis et indéfinis en arabe» Ma langue arabe (web.archive.org) 2025-01-13 (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ (Frantsesez) Issouf, Ouedraogo. (2024). Arabismes dans les Langues Romanes: Etude Lexico-Semantique et Morphosyntaxique comparée des Arabismes des Langues Romanes: cas de l'Espagnol et du Français. Paris: Éditions universitaires européennes ISBN 978-6139530281..
- ↑ Euskaltzaindia. «Aurkibideak, Beste hizkuntzetako hitzak» Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > urririk» Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) Luis, Michelena. (1964). Sobre el pasado de la lengua vasca. Donostia, 128. or. OCLC .11222622.
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > gutun / kutun» Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > lapur / napur / ñapur» Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) Luis, Michelena. (1961). Fonética Histórica Vasca. Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo", 324. or. ISSN 0582-6152. OCLC .9456774533.
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > alkate» Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ «Arabic - the mother of all languages» Al Islam Online (web.archive.org) 2024-12-03 (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ (Frantsesez) Piram, Sarah. (2020). «Comment l’écriture est-elle devenue un art dans le monde arabe ?» archive.wikiwix.com (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ (Frantsesez) «L’art de l’écriture arabe» BnF Essentiels (Noiz kontsultatua: 2025-03-01).
- ↑ (Frantsesez) al-Masʻūdī, Ḥasan. (2001). Calligraphie arabe vivante - al- Haṭṭ al-ʻarabī. Paris: Flammarion ISBN 978-2080125194. OCLC .634944314.
- ↑ (Frantsesez) Ghani Alani, Abdel. (2013). Calligraphie arabe : initiation. Paris: Fleurus ISBN 978-2215147756. OCLC .881027136.
- ↑ (Frantsesez) «Le verset du Trône micrographié» BnF Essentiels (Noiz kontsultatua: 2025-03-02).
- ↑ (Frantsesez) Naef, Silvia. (1992). L'art de l'écriture arabe : passé et présent. Genève: Slatkine ISBN 978-2051012416. OCLC .29671698.
- ↑ (Arabieraz) «مشروع الخط الأمیری :: Amiri Font Project» web.archive.org 2024-07-29 (Noiz kontsultatua: 2025-03-02).
- ↑ (Ingelesez) «Taʿlīq script | Persian, Islamic, Decorative» Encyclopaedia Britannica (www.britannica.com) (Noiz kontsultatua: 2025-03-02).
- ↑ (Frantsesez) Hosseini, Peiman. (2013). «La concurrence de l’art pictural et l’art d’écrire, une étude comparée entre l’Iran et l’occident» Revue de Recherches en Langue et Littérature Françaises (Tabriz: Faculté des lettres de l’Université de Tabriz - web.archive.org) ISSN 2588-7041. (Noiz kontsultatua: 2024-09-15).
- ↑ (Ingelesez) Mohsen, Shahab. (2010-01-22). The Problem of Stretching in Persian Calligraphy and a New Type 3 PostScript Nastaliq Font. (Noiz kontsultatua: 2025-03-02).
- ↑ (Frantsesez) Herbin, Auguste-François-Julien (1783-1806) Auteur du texte. (1803). Développemens des principes de la langue arabe moderne , suivis d'un recueil de phrases, de traductions interlinéaires, de proverbes arabes et d'un essai de calligraphie orientale... par Auguste-F.-J. Herbin. BnF - Gallica (Noiz kontsultatua: 2025-03-02).
- ↑ (Ingelesez) «Mo'allakāt - 1911 Encyclopædia Britannica» Wikisource (en.wikisource.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-02).
- ↑ (Frantsesez) Toelle, Heidi; Zakharia, Katia. (2009). À la découverte de la littérature arabe : du VIe siècle à nos jours. Paris: Flammarion ISBN 978-2081223110. OCLC .430522508.
- ↑ (Frantsesez) Hallaq, Boutros; Toelle, Heidi. (2007). Histoire de la littérature arabe moderne. Arles: Actes sud ISBN 978-2742759040. OCLC .171530311.
- ↑ (Ingelesez) «A saying says, “Egypt writes, Lebanon publishes & Iraq reads” is said by whom are unaware of those countries» Alkafeel Global Network (web.archive.org) 2013-06-15 (Noiz kontsultatua: 2025-03-02).
- ↑ (Katalanez) Badia i Capdevila, Ignasi. (2004). «Aproximació a la situació lingüística de Malta» Noves SL (archive.wikiwix.com) (Noiz kontsultatua: 2025-03-02).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Frantsesez) Clavier arabe, teklatua nola konfiguratu arabieraz idazteko